YOU CAN’T GO OSO URRUTI, TXO! (2012/05/10ean Beñat Garaiok bidalita)
2010. urtearen hasieran kokatu gaitezen. Karrerako bigarren ikasturtea egiten ari nintzen, Gasteizen, noski! Nire jaioterritik ez nintzen gehiegi urrundu 20 urtetan, hainbeste maite dugun hiriburuaz oso harro nengoen seinale.
Baina errealitatea bestelakoa zen, unibertsitateaz gogaituta, hiria gutziz txikitu zitzaidan, nire etxe ñimiñoko paretak are eta gehiago estutu ziren, kalean denak ezagunak eta buruan uxatu ezin nituen mamu asko. Nahikoa zen, mundua ikusteko gogo izugarria nuen!
Erasmuserako plazak eskatu nituen han eta hemen, aukera bikaina baitzen. Hori bai, argi neukan lehenengo aukera ez nuela lortuko, Boise hirirako zen, Idahoko hiriburua hura, AEBtako mendebaldean. Plaza bakarra zegoen EHUrako eta gainera, zertarako joan nahi nuen basamortu baten erdian zegoen cowboyz betetako hiri txiki batera?
Zein izango nire harridura leku horren irabazlea ni izan nintzela jakin nuenean! Bertigoa, zorabioak, etxemina, tristura,… Poza, urduritasuna, sabeleko tximeletak, oilo-ipurdia, grina… Prest nengoen!
Nire bizitokia izango zenari buruz gauza gehiago jakin ahala txunditu besterik ez ninduen egiten: euskaldun mordoa omen zegoen, Euskal Herritik kanpoko ikastola bakarra Boisen zegoen, frontoia eta pala txapelketa, euskal auzo bat eta guzti, unibertsitatean euskarako eskolak eskaintzen dira,…
‘Horra joan behar dek’, pentsatu nuen eta burokraziaren eta papeleoaren mundu ilun eta arriskutsutik nola edo hala atera nintzenean, Wildwest, here we go!!
Gasteizko jaiak bukatu baino lehen abiatu nintzen Boise aldera, ez nintzen, ordea, berehalakoan iritsi, guztira 48 ordu behar izan nituen iristeko eta. Hor zegoen, dena den, Cody Beaudreau nire zain. Euskaldun arbasorik gabe, euskara eta erdara ederki hitz egiten zituen eta telebistako dokumental batean ikusi nuen ostean, berarekin harremanetan jarri eta bere etxean trantsizio egunak pasatzeko eskaini zidan, sweet!!!
























